Gabonak Zuretzat programa beste urte batez itzuliko da Gabonetan Donostiara. Aurtengo edizioak 400 jarduera baino gehiago eskainiko ditu haur, familia eta gazteentzat abenduaren 16tik urtarrilaren 5era bitartean, hiriko auzoetan. Horrela, herritarrek, besteak beste, tailer, ikuskizun eta antzezlanez gozatu ahal izango dute. Donostia Gazteriak aisialdi eta denbora libreko elkarteekin, Donostia Kulturarekin eta hiriko beste eragile batzuekin batera diseinatu du programa hau.
Helburua hiriko auzoetan aisialdi ez-kontsumistaz gozatzeko aukera emango duen eskaintza ludiko eta kultural zabala eskaintzea da. Programazioa bi liburuxkatan jasotzen da. Liburuxka horiek online egongo dira, adin-tarteen arabera banatuta: bata, haurrentzako (0-11 urte) eta familientzako jardueretarako, eta, bestea, gazteentzako (12-30 urte), www.donostia.eus/gazteria webgunean aurkitu ahal izango dira.
Irudiari dagokionez, programaren aurtengo nortasun grafikoa Usandizagako Diseinu Grafikoko Goi Mailako Prestakuntza Zikloaren eta Donostia Gazteriaren arteko lankidetzari esker sortutakoa da. Diseinu Zikloko 1. mailako ikasleek 14 lan prestatu dituzte. Proposatutako diseinuen artean, programa iragartzeko karteletarako irudi nagusia aukeratu da eta kartel hori sare sozialetan eta Donostiako autobusen, markesinetan, etab egongo da ikusgai.