Donostiako Gabonak datozen egunetan hasiko dira; hori dela eta, Egitaraua indartzeko, publiko orori zuzendutako jarduerak izango dira. Argiztapenaz, Gabonetako merkatuaz, atrakzioez, jarduera solidarioez edo hainbat ikastetxetako 150 ikasle donostiarrekin joan den astean egindako jasangarritasunaren asteaz gain, beste hainbat jarduera ere izango dira Gabonetako egitarauan hurrengo egunetan, besteak beste: haur eta gazteentzako jarduerak Kontxako hondartzan, Gabonetako parke teknologiko bat (Kursalean) eta Donostiako Orfeoiaren bi kontzertu (bata Loiolako Erriberak auzoko Iesu elizan eta bestea Altzako San Martzial elizan). Udalak Donostia Sustapenaren bidez antolatutako jarduera hauei guztiei amaiera bikaina emateko, abenduaren 27tik aurrera, egunero, bideomapping bat proiektatuko da Udaletxeko fatxadan.
Marisol Garmendia Ekonomiako eta Bertako Enplegurako zinegotziak oso positibotzat jo du Gabonetako kanpainaren bilakaera: "Aurten, inaugurazioak, Gabonetako azokak eta karparen egitarauak aparteko harrera izan dute. Egitarauaren izaera parte hartzailearen aldeko apustua egiten dugu publiko guztiei eta, bereziki, haurrei eta gazteei zuzendutako jarduera berriekin; aisialdia, dibertsioa eta kultura uztartzen saiatu gara, Donostia Gabonetako erreferentzia gisa indartsu azaltzen den programa batekin."
Gabonetako kanpainak ekarri dizkigun berrikuntzen artean, gazteentzako (7-14 urte) Gabonak Hondartzan izeneko ekimena dago. Donostia Sustapenak antolatuta Fortuna Kirol Elkartearen eskutik, Kontxako hondartzan egingo da (La Perla eraikinaren ondoan), abenduaren 26tik aurrera. Bi astez, itsasaldiak eta eguraldia kontuan hartuta, hainbat jarduera programatuko dira, besteak beste: paint ball arkuduna, futbitoa, hondartzako boleya, beach tenisa, skatea (Kontxako hegalkinean), pista amerikarra eta altxorraren bilaketa. Gainera, gazteei zuzenduta, ekologiari eta itsasoaren garbitasunari buruzko hitzaldiak emango dira.Â
Gazteei (7-17 urte) zuzendutako beste proposamen bat DonoSTEAM Parke Zientifiko eta Teknologikoa da (gaurtik urtarrilaren 5era izango da, Kursaalen). Teknologia berriak, digitalizazioa eta berrikuntza dira DonoSTEAM programa dibertigarriaren hiru ardatzak: droneak, robotika, 3D inprimaketa, programazioa, adimen artifiziala, eSports jokoak, arkitektura, arte digitalak, bideo edizioa, etab. Eduki horietatik abiatuta, ludoteka-tailerrak, hitzaldiak eta era askotako jarduerak antolatuko dira, parte hartzaileen adinera egokituta.
Donostiako Orfeoiak bi hitzordu berri eta oso berezi eskainiko ditu abenduaren 22an (Loiolako Erriberak auzoko Iesu Elizan, 19:30etan) eta abenduaren 28an (Altzako San Martzial elizan, 20:00etan).
Bideomappinga Udaletxean
Ekitaldien egitarauari amaiera bikaina emateko, donostiarrek, Udaletxeko fatxadan proiektatutako bideomapping ikuskizun ederra ikusteko aukera izango dute abenduaren 27tik urtarrilaren 4era bitartean, egunero, 18:30etatik 21:30etara (22.00etara jai egunetan eta bere bezperatan). Ikuskizuna Alderdi Eder parketik ikusi ahal izango da, "Gabonetako Sinfonia" lelopean.