Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.

BERTSIO OSOA

BERTSIO MUGIKORRA

PSE-EE DONOSTIA

BULETINAREN HARPIDETZA

EGURALDIA DONOSTIAN

 
 

BERRIAK

2018 ABU 09

EHUN BAT LANGILE DONOSTIA ASTE NAGUSIAN TXUKUNTZEKO LANETAN

Producto Producto

Aste Nagusian Donostia garbi egoteko hartuko diren neurriak eta horretan arituko diren langileak antolatzeko azken lanak egiten ari dira. Ehun langilek baino gehiagok lan handia egingo dute astean zehar, Donostia ahalik eta ondoen irauteko jaietan.

Miguel Ángel Díez Bide Publikoetako zinegotziak esan duenez, ahalegin handia egiten da zortzi eguneko jai horiek sortzen dituzten beharrei erantzuteko, kontuan hartuta, gainera, bisitari ugari datozela eta jai esparru asko daudela, milaka pertsona biltzen dituztenak. Gure helburua da bai jaiak berak bai hainbeste jende egoteak Donostian sortzen duten inpaktua minimizatzea eta Donostia baldintza onetan uztea, eguneko jardun arrunta normaltasunez gauzatu dadin.

Egun hauetan, arreta handia jarri behar da kontzertuetan, suetan, hondartzen erabileran, barraketan... Lantalde batzuk buru belarri arituko dira goizeko lehen ordutik, baita arratsaldez ere, batez ere jende asko biltzen den aldeetan. Eta gauez, suetan.

DONOSTIA TXUKUNTZEN

Goizaldeko 05:00etan hasiko dira garbitzen Parte Zaharra eta Erdialdea, 33 langile eta 30 lanabes mekaniko erabilita: tanga ibilgailuak, ekortzeko makinak, urez jotzeko eskorgak, espaloia garbitzekoak, hondakinei putz egitekoak eta beste batzuk.

Parte Zaharra urez jo ondoren, 06:45etik aurrera lanak indartuko dira, langile eta makina gehiago jarrita, zaborra jaso eta ingurua txukuntzeko. Batera, Erdialdea San Martin kaletik Boulevarderaino txukunduko dute tanga kamioiek eta erraztatzaile mekanikoek. Ustez, 7 bat ordu iraungo du goizeko garbiketa horrek.

Pasealeku Berriak ere izango du garbiketa zerbitzu berezi hori, feria dagoen aldean, Salamanca pasealekutik Aldamar kaleraino. 10 langilek eta 13 tresna mekanikok txukunduko dute eta egoera onean utziko aldea. Pilatutako hondakinak jasoko dituzte, batez ere feria aldean, non egun batzuk lehenago zurezko babes bat jarriko dioten barandari, paperak itsasora ez erortzeko. Gero, ingurua ur txorrotez joko dute, bereziki, Akuario gaineko terraza eta kaira jaisteko eskailerak. Zakarrontziak hustu eta erraztatze lanak bururatzen dituzte. Ustez, 3 bat ordu iraungo du goizeko garbiketak alderdi horretan.

Gros auzoan jai giroa ere nabarmena da, batez ere Saguesen, han izaten baitira kontzertuak eta txosnak. 14 langile eta 15 tresna mekaniko ariko dira alde osoa egoera onean uzten, batez ere alde horretara, hondartza bat izateagatik, jende asko elkartzen delako egunero. Gaueko kontzertuengatik, txosnengatik, Zurriola hiribidean edaritegi asko egoteagatik edo Kursaalen izaten diren musika saioen ondorioz, Kursaal da horrelako egunetan zabor gehien sortzen duen aldeetako bat. Inguru horretan komun eramangarriak jarri arren, jende askok txiza egiten du kalean, batez ere Añarbeko ponpatze estazioaren inguruan. Hortaz, egunero-egunero, ur ugariz txukundu ez ezik, kiratsa kentzeko X-75 produktua ere botatzen dute. Ustez, 5 bat ordu iraungo du goizeko garbiketak alderdi horretan.

San Martin-Urbieta-Amara Zaharra-Zubieta-San Bartolome ingurua 18 langilek eta 17 tresna mekanikok garbituko, erraztatuko eta urez joko dute. Ustez, 3 bat ordu iraungo du garbiketak.

Aste Nagusiko arratsalde guztietan, Kontxa, Alderdi Eder, Boulevard, Parte Zaharra, Elkano, Gipuzkoa plaza eta Zurriola pasealekuaren arteko ardatzean, talde berezi batek jardungo du, jende asko elkartzeak eta jai ekitaldiek erdiko alde horietan sortzen duten eragin eta zikinkeriaren ondorioak arintzeko. 14 langilek jardungo dute arratsaldeko errefortzu horretan, espaloi erraztatzaileen eta bestelako baliabide mekanikoen bidez.

KAI INGURUA GARBITZEA

Inguru horretan jai jarduera handia izaten da, ”piratek" antolaturiko ekitaldiengatik. 06:30ean hasiko dira txukuntzen, putz egitekoak, erraztatzaileak eta ur txorrotez garbitzekoak erabilita, zakarrontziak eta edukiontziak husteaz gain. Esparru hartarako, 8 langile eta 10 tresna izendatuko dituzte.

SU FESTAREN ONDORIOAK GARBITZEKO ZERBITZUA

Bi garbialdi izaten dira su festaren ondorioz. Egunez, su bildumetarako mugatutako aldea txukuntzen dute, suak bota ondoren, ohikoa baita karkasa zatiak, suei eusteko hondar zakuen hondakinak eta abar agertzea. 5 langile, 7 tresna mekanikoz lagunduta, arduratuko dira eragiketaz, 4 bat orduan.

Gauean, su sortak jaurti ondoren, beste garbialdi berezi bat izaten da, 21:30ean hasita. Su esparru mugatua urez jotzean datza. Tamarizak ureztatzen dituzte eta kale, espaloi nahiz oinezkoen pasabideak erraztatzen. Ur txorrotez garbitzeko lana suen ondoren errepikatu ohi da, brasaren batek suterik eragitea galarazteko. 4 langile daude izendatuta eragiketa horretarako, 2 tanga kamioiz eta 4 tresna mekanikoz lagunduta. Gauero, bi ordu ematen dituzte lan horretan.

Aste Nagusia amaitu ondoren, igandean, kontu handiz txukuntzen dute Aste Nagusiko gau guztietan suak jaurtitzeko erabilitako aldea. Tamarizen artean geratzen diren hondakin eta elementu pirotekniko guztiak kentzen dituzte, bai eta txukundu ere suak jaurtitzeko erabilitako Kontxako baranda tartea, haur jolastokia eta inguruko hiri altzariak. 19 langilek eta 20 tresna mekanikok egiten dute lan hori, hiru orduz. 13:00etan, amaitzen dutenean, oinezkoen joan-etorrietako zabaltzen dute, betiko moduan.

KOMUN KIMIKOAK

Lagun asko elkartzen diren aldeetako beharra asetzeko, komun kimikoak ezarriko dituzte Saguesen, Pasealeku Berrian eta Kaian.

Saguesen, zehazki, komun trailer bat egongo da, eta, hartan, emakumeentzako 5 komun, gizonentzako 3 komun, 5 txizatoki eta 3 konketa egongo dira. Gainera, mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonentzako komun eta konketa bat ere egongo dira. 22:00etatik 02:30ak arte egongo dira zabalik, abuztuaren 18a arte.

2 modulu jartzen dituzte Pasealeku Berrian, eta, haietan emakumeek eta gizonek 6na komun izango dituzte, eta, mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonek, beste komun bat. Kanpoaldean, txizatokiak ere jartzen dituzte. 17:00etatik 03:00ak arte egongo dira zabalik, abuztuaren 20a arte.

Aste Nagusiko garbiketa antolamendu bereziak beste behar batzuez ere arduratuko da, aurtengo programak ekitaldiak antolatu dituelako Sagastieder plazan, Harrobieta plazan, San Martzial kalean eta Aitzol parkean.

PSE-EE DONOSTIA PSE-EE