Donostiako Udalak urrats sendoa emango du donostiarren bizi-kalitatea hobetzeko, Zarataren aurkako Udal Ekintza Planaren (SGHEK) bidez. Asmo handiko proiektua da, eta datozen bost urteetan hirian kutsadura akustikoaren mailak murriztea du helburu.
Aniztasuneko, Inklusioko eta Ekologiako zinegotzi Iñigo GarcÃak azpimarratu duenez, "herritarren ongizatearekin eta gure hiriaren jasangarritasunarekin dugun konpromisoa islatzen du plan honek. Zaratak gure osasunari, gure bizikidetzari eta gure inguruneari erasaten die, eta Plan honekin erantzun integral eta eraginkor bat eman nahi dugu".
Planaren xehetasunak herritarrei aditzera emateko, urtarrilaren 27an, astelehena, arratsaldeko sei eta erdietan, bilera ireki bat egingo da udaletxeko Udalbatza Aretoan.
Hiri modernoen kezka nagusietako bat da zarata, ez bakarrik osasun fisikoan eta mentalean dituen ondorio negatiboengatik, baita herritarren bizikidetzan eta ingurumenean duen inpaktuagatik ere. Errealitate horretaz jabetuta, erronka horri aurre egiteko prebentzio-, teknologia- eta sentsibilizazio-neurriak konbinatzen dituen plan bat diseinatu du Udalak.
Hiri osorako lortu nahi diren onuren artean, honako hauek dira aipagarriak:
1. Biztanleriaren osasuna hobetzea:Ingurune-zarata murrizteak hainbat arazo murrizten lagunduko du, esaterako, estresa, loaren nahasmenduak eta zaratarekiko esposizio luzearekin lotutako gaixotasun kardiobaskularrak.
2. Bizi-kalitatea hobetzea:Ingurune lasaiago batek hiri-espazio bizigarriagoak eta atseginagoak sustatuko ditu, bai donostiarrentzat, bai bisitarientzat.
3. Ingurumena babestea:Plana bat dator isuri gutxiko eremuaren (IGE) helburuekin, eta ekimenak sustatuko ditu garraiobide jasangarriak eta zarata gutxiagokoak sustatzeko, adibidez, bizikletak eta ibilgailu elektrikoak erabiltzea eta garraio publikoa indartzea.
4. Herritarrak kontzientziatzea:Ekintza Plan horrek sentsibilizazio-kanpainak ere aurreikusten ditu, herritarrak zarataren murrizketan inplikatzeko, jardunbide egokiak sustatuz, banakakoak zein kolektiboak.
Ekintza Plana egin aurretik, zarata-mapa eguneratu bat du dagoeneko (zarataren mapa estrategikoa-ZME) Donostiak: bertan, zarata-maila handienak dituzten eremuak identifikatzen dira, esku-hartze posibleei lehentasuna emateko.
ZME horretan hiriko bizileku-eremu lasaiak (ZTU), G guneak edo eremu natural isilak, hiriko soinu-oasiak eta jatorri naturaleko soinu-erreserbak (ZTCA-RSON) identifikatu dira. Identifikatutako eremu horiek isilgune gisa sustatuko dira.