Ekonomia eta Bertako Enplegurako Zinegotzigoak, Donostiako Sustapenaren bitartez, 1.567.000 euroko pakete berri bat jarri du abian laguntza, zerbitzu eta programa berrituetan. Pakete hori, 35 urtetik beherako gazte donostiarrei zuzenduta dago batez ere.
Marisol Garmendia Ekonomia eta Bertako Enplegurako zinegotziak azpimarratu duenez, "gure gazte donostiarrek beren hirian lan egin ahal izatea lortu behar dugu, beren enpresa berritzaileak sortzeko dirulaguntzak eskainiz, sortu berri dituztenak bultzatu eta indartuz, eta, aldi berean, gure zientzia eta berrikuntza ekosistemako enpresei laguntza emanez, donostiar gazte kualifikatuak kontrata ditzaten eta, horrela, gure tokiko gazte-talentua atxiki dezaten. Aukera bat eman behar diegu beren proiektu profesional eta pertsonala Donostian garatzekoâ€.
Hirian gazteen enplegua sustatzeko laguntza horiek 1,5 milioi eurotik gorakoak dira, eta, gainera, lan-merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten beste kolektibo eta pertsona batzuk kontratatzea errazten duten neurriak hartzen dituzte, hala nola emakumeak eta iraupen luzeko langabeak.
"Donostia Sustapeneko sozietatik bultzatzen ditugun enplegu-politikak – Marisol Garmendiak azpimarratu duenez – funtsezko tresnak dira hiriaren aurrerapena eta etorkizuna bermatzeko eta Donostian gizarte eta lurralde-kohesioa indartzeko. Garrantzitsua da enpresa eta ekonomia-sare dibertsifikatuan, berritzailean eta inklusiboan aurrera egiten jarraitzeaâ€.
DONOSTIA EKINTZAILETZA BERRITZAILEKO HIRIA
650.000 euro bideratuko dira ahalmen berritzaile handiko enpresak sortzeko laguntzetara, Ekin+ eta Ekin+ Osasuna programen bidez, Inkubagailua programaren bidez, abalen funts programaren bidez eta ekintzailetzarako prestakuntzaren bidez.
Aurten, berrikuntzagatik edo lokal batekin abiarazteagatik plus bereziak dituzten enpresak sortzeari emango zaio lehentasuna (10.000 €arte proiektu bakoitzeko). Era berean, Ekin + eta Ekin + Osasuna programek 25.000 eurora arte handitu dute laguntza ekonomikoa, hautatutako proiektu ekintzaile berritzaileen bizkortzea indartzeko.
DONOSTIA ZIENTZIA ETA BERRIKUNTZA HIRIA
527.000 euro bideratuko dira proiektu berritzaileak sendotu eta hazteko zuzeneko laguntzetara, 35 urtetik beherako gazteen talentua kontratazioa erraztuz, eta hazkunde horretan eragina duten gastu estrategikoak ere.
Enpresa berritzaileak bultzatzearen laguntzaren berritasun nagusi gisa, 2023an 20.000 €arteko laguntzak emango dira enpresa berritzaile bakoitzeko, talentu gaztea kontratatuz eta/edo gastu estrategikoak ordaintzeko.
Enpresa berritzaile horientzako laguntza Bonu Teknologikoen programarekin osatzen da. Aurtengo edizioan zerbitzu espezializatu berriak eta aholkularitza eskaintzen dira, hiriko 7 zentro teknologikorekin lankidetzan (Biodonostia, Tecnalia, Cic nanoGune, Cic Biomagune, Vicomtech, Ceit eta Tecnun).
DONOSTIA TOKIKO TALENTUAREN HIRIA
Hiriko zientzia eta berrikuntza ekosistemako ikerketa-zentroen eta enpresen sareak Donostiako gazte ikertzaileak kontrata ditzan sustatzea da tokiko gazte-talentuari eusteko laguntzen helburua.
Horretarako, 140.000 euro erabiliko dira, eta, edizio honetako berritasun nagusi gisa, 13.000 euro emango dira ikerketaren arloan gazteak kontratatzeko. Era berean, plusak daude lehen kontratazioetarako, emakumeentzako, doktoretzarako eta talentua itzultzeko.
Aldi berean, atzerrian lan egiteko edo ikertzeko programak eskaintzen zaizkie Donostiako gazteei, etorkizuneko erronketarako prestakuntza indartzeko, eta atzerrian garapen profesionala lortzeko "Global Training" Mugikortasun Beken deialdia, irailaren 22an amaitzen dena.
TALDE BEHARTSUENTZAKO LAN AUKEREN HIRIA
Zailtasun gehien dituzten pertsonek eta egoera ahulenean dauden kolektiboek, hala nola emakumeek eta 45 urtetik gorako langabeek enplegu duina izan dezaten lortzea da 250.000 euro bideratzen diren prestakuntza- eta laneratze-programen helburua, 6.600 €arteko laguntza ekonomikoekin, laneratzeko zailtasunak dituzten langabeak hainbat sektoretan kontrata daitezen sustatzeko.
Laneratze-arazo handienak dituzten emakumeek programa espezifikoak izango dituzte, Ekialdeko Barrutian, Altzan, egiten diren Reaktiva-T ibilbideen bidez.