Este sitio utiliza cookies, propias y de terceros, para dar un mejor servicio. Si continuas navegando entendemos que aceptas nuestra política de cookies.

VERSIÓN COMPLETA

VERSIÓN MÓVIL

PSE-EE DONOSTIA

SUSCRIPCIÓN AL BOLETÃN

EL TIEMPO EN DONOSTIA-SAN SEBASTIÃN

BERRIAK

2024 IRA 30

HONDARTZA DENBORALDIA LASAIA IZAN DA, ETA OKUPAZIO-MAILA ERTAIN-ALTUA IZAN DA

Donostiako hondartza-denboraldia amaitu da. Denboraldiaren lau hilabeteetan okupazio ertain-altua izan da; hala ere, udako hainbat unetan, eguraldi txarraren ondorioz, donostiarrak eta bisitariak ez dira hondartzara joatera animatu. Eguzkia eta tenperatura atsegina egin duen egunetan eta bero egunetan, hondartzetako okupazio-maila oso altua izan da, eta beraz, denboraldia amaituta, egiten dugun balantzea ona da.

Hondartzen ardura duen zinegotzi Carlos Garcíak nabarmendu duenez, "hondartzetan ez da ia gertaera aipagarririk izan, karabela portuges gutxiago iritsi dira gure hondartzetara, baina hala ere zenbait ziztada egon dira. Hondar-mugimendu batzuk erregistratu dira, eta horiek baldintzatu egin dute denboraldiaren garapena, batez ere Ondarretako hondartzako Tenisetik gertuen dagoen eremuan, non ontzi zahar baten zuaker zati bat ere aurkitu den".

GARBIKETA

25 langile arduratu dira egunero hondartzak egoera ezin hobean uzteaz; horretarako, arraste-traktoreak, bahegailuak, eta hondakinak biltzeko kamioiak erabili dituzte, baita itsasontzi bat ere, gabarroiak garbitzeaz eta badiatik elementu flotatzaileak kentzeaz arduratzen dena.

Iaz baino hondakin gutxiago bildu dira hondartzetan: 291.720 kilo (2023ko 357.647 kiloen aldean). Hondakinen birziklatzeak, ordea, gora egin du: 1.266 kilo beira bildu dira edukiontzietatik (2023an 1.145 kilo). Era berean, gora egin du paperaren gaikako bilketak – 1.312 kilo (1.008 kg 2023an)– eta pixoihalenak –198 kilo (105 kg iaz)–. Hondakin organikoen gaikako bilketa murriztu egin da: aurten 960 kg bildu dira, iazko 2.252 kiloen aldean. Plastikozko ontzien kasuan, gaikako bilketak apur bat behera egin du, 14.703 kilo bildu dira guztira (iaz 14.948 kg).

Donostiako hondartzetan, guztira, 245 paperontzi daude (79 ontzietarako, 71 errefuserako, 48 hondakin organikoetarako, 24 beirarako eta 24 kartoi-papererako).

SOROSPENA

Sorosleek 1.318 asistentzia eman dituzte hondartza-denboraldian, eta Kontxako hondartzan erregistratu dira asistentzia gehien. Iaz 821 izan ziren.

Guztira 102 erreskate egin dira (2023an 39), batez ere Zurriolako hondartzan, mareak eta olatuak direla-eta. 65 pertsonek sorosleen laguntza behar izan dute uretatik ateratzeko; iaz, 79 izan ziren.

BPXPort zerbitzuak 175 pertsona galduri eman die arreta, iazko kasuen (81) ia bikoitza izan da kopuru hori, eta haurrak ziren ia guztiak. Bainatzeko laguntza-zerbitzuak nabarmen egin du behera: aurten 53 erabiltzaile egon dira, eta iaz, berriz, 280 izan ziren.

ALDAGELAK

Kontxako hondartzan, 48.044 pertsonek erabili dituzte aldagelak, aurreko denboraldian baino gehiago (43.236 erabiltzaile). Aitzitik, kontsignen erabilerak behera egin du: aurten 3.782 erabilera egin dira, 2023ko denboraldiko 5.627en aldean.

Ondarretan 19.755 erabiltzaile izan dira (2023an 20.231) eta 1.847 pertsonek erabili dituzte kontsignak (2023an 2.471ek).

Zurriolako hondartzan 6.359 izan dira kabinen erabiltzaileak (6.548 2023an) eta 946 kontsignenak (935 iaz).

TOLDOAK

Nabarmentzekoa da Kontxako 440 toldoen % 100 erabili direla aurten, baita Ondarretako 424 toldoak ere. Ondarretan 198 eguzkitakoak ere erabili dira. Karpekin ez da gauza bera gertatu, eskainitako 98 karpetatik 16 libre geratu baitziren. Zurriolan, 240 toldoetatik 171 erabili dira, eta, beraz, hala eskatutakoei alokairua egunka egiteko aukera eman zaie.

2025. denboraldiari begira, beharrezkoa izango da berriro ere lehiaketa publikoaren deialdia egitea, indarrean dagoen epea amaitu baita.

BESTELAKOAK

Mareek hondartzen profilak baldintzatu dituzte, batez ere Ondarretan, hondar asko mugitu da Loretoperantz, eta beraz, Tenisetik gertu dagoen eremuak hondar asko galdu du. Denboraldia hasi baino lehen, profilatzeko ohiko lanak egin ziren, hondartzetako sarbideak eta zerbitzuak errazteko.

Garcíak adierazi duenez, "aurten ere, bainularien kexak jaso dira Zurriolan bainatzeko daukaten lekuan surflariak eta surf-eskolak daudelako. Beharrezkoa da surfaren praktika arautzea, inork bainatu nahi badu surflariek eragozpenik ez sortzeko. Dagoeneko lantzen ari garen gai bat da, inplikatutako alde guztiekin gainera".

Gogoan izan hondartza-denboraldia amaitu denez, maiatzaren 31ra arte txakurrak hiriko hondartzetara sar daitezkeela. Edonola ere, txakurren jabeen betebeharra da haien gorotzak jasotzea, eta Gizabidearen Ordenantza betetzen ez badute, 50 eta 200 euro arteko isunak jarri ahal izango zaizkie.

PSE-EE DONOSTIA PSE-EE