Este sitio utiliza cookies, propias y de terceros, para dar un mejor servicio. Si continuas navegando entendemos que aceptas nuestra política de cookies.

VERSIÓN COMPLETA

VERSIÓN MÓVIL

PSE-EE DONOSTIA

SUSCRIPCIÓN AL BOLETÃN

EL TIEMPO EN DONOSTIA-SAN SEBASTIÃN

BERRIAK

2020 MAI 26

DONOSTIAKO UDALAK HIRIKO MERKATARITZARI LAGUNTZEKO KANPAINA BAT JARRI DU ABIAN

"Donostia Market Plaza" plataforma aktibatu du, eta eskueran jarri erosketa bonuen plan bat eta etxez etxeko zerbitzua eskaintzen duten establezimenduen zerrenda bat

Donostiako Udalak Ekonomia Suspertzeko Plana (ESP) bultzatu du, koronabirusak eragindako osasun krisiaren ondorio ekonomikoak arintzeko asmoz. ESPa Donostiako Sustapenak ezarri du, arreta berezia jarri nahian sektore ekonomiko ahulenei, alegia, merkataritzaren, ostalaritzaren eta turismoaren arloko hiriko enpresa txikiei, haien jarduera ekonomikoa eta enplegua lehentasunezko helburutzat hartuta.

Esparru horretan, Donostiako Udalak tokiko merkataritzari laguntzeko kanpaina bat antolatu du, 'Donostian behar zaitut' hartuta lelo gisa. Horren xedea da sektoreari babesa eta elkartasuna adieraztea eta hiriko establezimenduetan kontsumoa sustatzea. Azpimarratu nahi dena da beharrezkoa dela herritarrak inplikatzea tokiko merkataritzaren sustapenean, eta bakoitzak sektorea babestuko duten kontsumo erabakiak hartzea, plataforma handi eta globalen bidez egiten den merkataritza elektronikoak dakarren mehatxuari aurre egiteko. Hala, datozen asteetan, komunikabideen eta kanpoko euskarrien bidez bistaratuko da kanpaina; horrekin, ideia hauxe indartu nahi da: herritarrak giltzarri direla une zail honetan sektorea berreskuratzeko.

Ekonomia Bultzatzeko zinegotzi Enrique Ramosek adierazi duenez, “une hauetan, gutxi da tokiko merkataritzari, Donostiako bizi guztiko merkataritzari, eman diezaiokegun babesa. Gaizki pasatu dute, eta orain dugu aukera Donostian nahi ditugula esateko. Merkataritza horrek pertsona askori ematen die lana, 8.800 bat pertsonari gutxi gorabehera, eta, pandemiaren ondorioei ez ezik, aurre egin behar diete erosteko modu berriei ere, askotan, negozio txiki asko ixtera behartzen baititu horrek. Merkataritza bitamina da hirientzat, Donostiako BPGaren % 8,5 da, eta online erosteko plataforma honek denboran iraungo duen zerbait izan nahi du, koiunturazkoa ez den zerbait. Badakigu lehentasuna beti izango dela arreta aurrez aurre ematea lokalean, dendan edo tabernan, baina aukera bat ere bada Interneten egoteko edo, jadanik Interneten egonez gero, haien presentzia indartzeko, ezinbestekoa izan baita hori hilabete hauetan".

Kanpaina honen eskutik sortu da Donostia Market Plaza, etorkizun bokazioa duen plataforma, eta, estreinaldi gisa, erosketa bonuen sistema bat prestatu du, bai eta produktuak edo zerbitzuak etxera ekartzea eskaintzen duten establezimenduen direktorio bat ere.

EROSKETA BONUAK

Programa honetan, 28.960 erosketa bonu jarriko dira merkatuetan erabiltzeko. Bonu horiek online erosiko dituzte herritarrek, eta, ondoren, Donostiako denda, artisau industria, ostalaritza, turismo eta zerbitzu pertsonaleko establezimenduetan aldatu ahal izango dituzte, betiere saltokiok Donostiako Sustapenak sustatutako Donostia Market Plaza plataformari atxiki bazaizkio. Denda bakoitzak 80 bonu saldu ditzake gehienez eta, beraz, guztiak saltzea lortuko balute, 1.600 € ko diru-sarrerak lortuko lituzkete. Orain arte, hiriko 362 establezimenduk egin dute bat ekimen honekin, eta beste ehun etxez etxeko zerbitzuan.

www.donostiamarketplaza.eus

ETXEZ ETXEKO ZERBITZUA

Donostia Market Plaza plataforman, hiriko 100 enpresa txiki baino gehiago biltzen dituen direktorio bat ere agertzen da. Hain zuzen ere, beren produktuak edo zerbitzuak etxera ekartzen dituzten enpresak dira hor jasotzen direnak. www.donostiamarketplaza.eus webgunean, izena beren borondatez eta doan eman duten establezimenduen zerrenda bat aurkituko du bezeroak, bai eta horietako bakoitzarekin harremanetan jartzeko moduari buruzko informazioa ere. Establezimenduak berak ezarriko ditu ordaintzeko era eta baldintzak, bai eta eskaera entregatzeko sistema ere. Donostiako Sustapenak 4 € arteko hobaria emango die programari atxikitako enpresei, Donostiako udal mugartean produktuak eta zerbitzuak etxez etxe banatzeko garraioaren kostu soziala ordaintzeko. Gehienez 50 garraio kupoi eskuratu ahal izango ditu enpresa bakoitzak.

PSE-EE DONOSTIA PSE-EE