Este sitio utiliza cookies, propias y de terceros, para dar un mejor servicio. Si continuas navegando entendemos que aceptas nuestra política de cookies.

VERSIÓN COMPLETA

VERSIÓN MÓVIL

PSE-EE DONOSTIA

SUSCRIPCIÓN AL BOLETÃN

EL TIEMPO EN DONOSTIA-SAN SEBASTIÃN

BERRIAK

2020 URR 21

DONOSTIAK 5 MILOI EURO BAINO GEHIAGO INBERTITUKO ETA 800 LANPOSTU INGURU SORTUKO DITU EKONOMIA SUSPERTZEKO PLANAREN BIGARREN FASEAREKIN

Donostiako Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoak, Donostia Sustapenaren bidez, hiriko Ekonomia Suspertzeko Planaren bigarren fasea ipiniko du abian. Plan horrek hainbat laguntza neurri jasotzen ditu, COVID-19ak sorturiko krisiaren ondorioz Donostiako ekonomian aurreikusten den bigarren inpaktu ekonomikoa arintzen saiatzeko. Laguntza pakete horren helburua lan merkatua suspertzea da, kontratazio berriei laguntzeko neurrien bitartez, bai sektore publikoan, bai pribatuan. Aurreikuspenen arabera, 800 lanpostu inguru sortuko dira.

Pakete horren barruan bildutako neurrien artean ageri dira, besteak beste, kontsumo bonuen beste sorta bat martxan ipintzea merkatari eta ostalariei laguntzeko, bi sektoreotara zuzenduriko eraldaketa digitalerako laguntzak ematea, enpresa berriak sortzeko aholkularitza eta laguntzak eskaintzea, negozioa birbideratzea erabakitzen duten ETEentzako laguntza, eta hiriaren erronkak online lantzeko lankidetza plataformen garapena. Neurri horiek guztiak urrian bertan hasiko dira aktibatzen, eta 5.235.205 euro bideratuko dira hartarako. Donostiako Udalak (Donostia Sustapena), Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak finantzatzen dute plana.

Eneko Goia Donostiako alkateak administrazioen arteko «ahalegina eta lankidetza» nabarmendu ditu, baita planak sektore pribatuarekin duen lotura ere, «benetan eraginkorrak diren programak» antolatzeko, eta, hari esker, enpleguen galera moteltzeko. Alkatearen esanetan, jarduera ekonomikoaren motelaldia bizi dugun testuinguruan zabalduko da bigarren fasea, ikusirik «oraindik ere denbora beharko dela krisiak utzitako ondorioetatik leheneratzeko». Hori horrela, Goiak azpimarratu du Donostiako Udalak neurriak hartu zituela pandemiaren lehen kolpean, eta, orain, ekonomia suspertzeko eragile rola finkatu duela, jarduera eta diru fluxua kolperik handiena bizi duten sektoreetara mugiaraztea helburu duen programa sorta baten bidez. Ildo horretan, alkateak balioetsi du harrera ona izan zutela saltokietan eta ostalaritzan baliatzeko kontsumo bonuek eta halako ekimenek. Horrekin batera, gaineratu du enplegu planek «eraginkortasun egiaztatua» dutela lan merkatutik baztertuta dauden kolektiboei laneratzen laguntzeko.

Bestalde, Ekonomia Bultzatzeko zinegotzi Marisol Garmendiak honako hauxe nabarmendu du: «Plan honek tresna erabilgarria izan nahi du berriro ere hiriko saltoki eta negozio txiki askorentzat; izan ere, pandemiaren lehen olatuari eutsi ondoren, kezkaz ikusten dute haien egoera, osasun krisia berriro agertzearen ondorioz ugaritzen ari baitira murrizketa neurriak. Saltoki txikiei laguntzeko beharraren defendatzaile sutsuak gara, Donostiako ekonomiaren muin eta familia askoren enpleguaren ezinbesteko ardatz gisa. Azpimarratu nahiko nuke, gainera, sentikortasun bereziz egina dela plan hau, diskriminazio positiboa sustatzen baitu emakumeen eta 45 urtetik gorakoen alde, baita langabe gehien dituzten eta jarduera ekonomikoan inpaktu handiagoa jasan duten hiriko auzo eta eremuen alde ere».

Horrekin loturik, hauxe adierazi du Alfonso Gurpegui Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarteratzeko zuzendariak: «Nabarmendu nahiko nuke erakundeok lurraldeko eragile sozial eta ekonomikoekin egiten ari garen elkarlana, Ekonomia Suspertzeko Plana eta tankerako ekimenak aurrera ateratzeko. Esandako plan horrek enplegua sustatzeko partida garrantzitsu bat biltzen du, hori baita une honetan herritarrak gehien kezkatzen dituen gaietako bat. Gure aburuz, enplegua da lehen mailako lehentasun politiko, sozial eta ekonomikoa, eta eskura ditugun bitarteko guztiak mobilizatuko ditugu COVID-19ak eragindako krisia arintzeko. Pertsona guztiek kalitatezko enplegua izatea lortu nahi dugu, bizi ibilbide duina egin ahal izan dezaten».

Bestalde, Imanol Lasak azpimarratu duenez, "krisi hau gainditzeak lankidetza areagotzea eskatzen du, maila guztietan, eta lehentasunak ondo finkatzea. Plan honek bi baldintzak betetzen ditu. Ibilbide-orri honen bidez, Covid-aren krisialdiaren ondorioz okerren dauden eta hirian pisu handia duten sektoreei laguntza emateaz gain -merkataritza eta ostalaritza, esaterako-, ehun ekonomikoa eraldatzea sustatzen du Udalak, digitalizazioa eta berrikuntza bultzatuz. Gure lehiakortasuna eta, horrekin batera, gure etorkizuneko ongizatea bermatzeko, ezinbestekoa da epe motzari zein luzeari erreparatzea. Ziur nago inpaktua oso positiboa izango dela".

PSE-EE DONOSTIA PSE-EE